Bizkarren ohikoena bertan ostatu hartu eta baserria lagunartean edo familian bizitzea da: denbora partekatuz eta ingurune pribilegiatuan bere berotasunaz gozatuz. Eraberritzeak espazio ireki eta zabalak lehenetsi ditu, atseden hartzera gonbidatzen duen giro abegikorra sortuz.
Zoru erradiatzaileak eta fluxu bikoitzeko aireztapen-sistemak erosotasuna eta airearen kalitatea bermatzen dituzte urte osoan zehar. Etxea egonaldi eroso eta etxekoia izateko prestatuta dago. Gutxieneko egonaldia bi gau dira, eta uztailean eta abuztuan, lau gau.
Bizkar leku aproposa da formatu txikiko bilerak eta lan-ekitaldiak egiteko (20 lagun ingururaino). Bertan egin izan dira zuzendaritza-batzordeak, proiektu-bilerak, fundazioen patronatuak zein topaketa pribatuak.
Baserria lanaldi erdirako edo lanaldi osorako erreserbatu daiteke, eta, beharrezkoa izanez gero, ostatu hartzeko aukera ere badago.
Bizkarrek artisau eta sortzaileek gidatutako sormen-tailerrak antolatzeko aukera eskaintzen du —pintura, irakurketa, idazketa edo bitxigintza, besteak beste—, parte-hartzaileek egonaldian zehar beren piezak sortu ditzaten.
Oro har, bi eguneko esperientzia gisa planteatzen dira, amaieran erakusketa edo partekatze-jardunaldi batekin; hala ere, formatua proposamen bakoitzaren beharretara egokitu daiteke.
Bizkar leku bereziki egokia da yoga-erretiroak eta deskonexioa zein konexio pertsonala lantzera bideratutako beste praktika batzuk egiteko. Profesionalek beren ohiko taldeentzako jarduerak antola ditzakete hemen, ingurune lasai eta zainduan.
Aste barruan egun osoko saioak egin daitezke; asteburuetan, berriz, gutxienez bi gaueko egonaldiak antolatzen dira.
Pagoetako Parke Naturalean kokatua, Bizkarrek etxetik bertatik oinez zein bizikletaz txangoak egiteko aukera eskaintzen du, zailtasun ezberdinetako ibilbide zirkularrekin. Inguruan, gainera, bisita daitezkeen hainbat toki daude, hala nola Iturrarango Lorategi Botanikoa, Agorregiko burdinola, Pagoeta mendia edo Zarauzko hondartza.
Jarraian, baserritik bertatik abiatzen diren ibilbide batzuk kontsulta ditzakezu.
Baserriaren izaerak eta ingurune naturalak Bizkar filmaketa eta ikus-entzunezko proiektuetarako leku egoki bihurtzen dute, pribatutasuna, espazio zabalak eta giro-aniztasun aberatsa eskainiz.
Bizkar dagoeneko film batzuen kokaleku izan da, besteak beste Ilargi guztiak (2020), Igor Legarretak zuzendua, baita 2025ean filmatutako eta oraindik argitaratu gabe dagoen beste ekoizpen zinematografiko bat ere.
Bizkarrek eta Tidorek gosari, bazkari eta afari zerbitzuak eskaintzen dituzte, bezeroaren beharren arabera egokituta. Zerbitzua eskaeraren arabera antolatzen da, talde bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako proposamena eta aurrekontua landuz.
Eskaintza etxeko sukaldaritza tradizionalean oinarritzen da, kalitatezko produktu freskoekin prestatua, betiere ostatu-hartzaileen lehentasun eta eskakizunetara moldatuta.